Hieroglifo

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Antzinako Egitoko hieroglifoak.

Hieroglifoak letra eta hitzen ordez irudiak eta sinboloak erabiltzen dituen idazteko sistema bat dira. Gehienetan, antzinako Egiptorekin lotzen da, baina beste zibilizazio batzuek ere idazten zuten hieroglifoak erabiliz, maiek adibidez.

Idazkera hieroglifikoan, sinbolo bakoitzari hieroglifo deitzen zaio. Antzinako egiptoarrek hieroglifoak erabiltzen zituzten beren tenplu eta monumentu publikoetako hormetan. Harrian zizelkatzen zituzten, baina zurean eta beste gainazal lau batzuetan ere margotzen zituzten.

Egiptoko hieroglifoak hainbat modutakoak ziren: batzuk, esaterako, adierazi nahi zituzten objektuen irudiak ziren; adibidez, eguzki hitza erdian zirkulu txikiago bat duen zirkulu handi bat zen. Beste hieroglifo batzuek, aldiz, irudiarekin lotutako ideiak irudikatzen zituzten; adibidez, "eguzki" sinboloa "egun" ideia adierazteko ere erabiltzen zen. Beste hieroglifo batzuek, azkenik, halako soinu batzuk adierazten zituzten, ez sinbolo edo ideiak.

Maien hieroglifoak.

Hieroglifoak duela milaka urte garatu ziren. Antzinako Egipton, K. a. 2900. urterako erabiltzen ziren eta 3.000 urtetik gora iraun zuen. K.o.ko 100 eta 200 urteetan, egiptoar asko greziera erabiltzen hasi ziren, eta, pixkanaka, jendeak hieroglifoak erabiltzeari utzi zion. Denborarekin, inork ezin zuen idazkera hieroglifikoa irakurri.

Denbora luzez, inork ez zituen ulertzen antzinako Egiptoko hieroglifoak. Azkenik, 1822an, Champollion izeneko frantziar jakintsu batek hieroglifoen esanahia argitzea lortu zuen. Rosetta Harriari esker lortu zuen. Napoleonen soldaduek harri hau aurkitu zuten 1799an, hieroglifikoz eta grekoz idatzitako testu batekin. Jakintsuak grekoa irakur zezakeen, eta horrela harriaren hieroglifikoek zer esan nahi zuten jakin ahal izan zuen.