Puntu kardinal

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Puntu kardinalak euskarazko haize-arrosa batean.

Puntu kardinalak lau norabide nagusiak edo zerumugaren lau alde nagusiak dira; baita mapa bateko lau alde nagusiak ere. Hau da:

  • Iparralde edo iparra (nazioarteko idazkeran, N).
  • Hegoalde edo hegoa (nazioarteko idazkeran, S).
  • Mendebalde edo sartaldea (nazioarteko idazkeran, W).
  • Ekialde edo sortaldea (nazioarteko idazkeran, E).

Puntu kardinalak haize-arrosak erabiliz irudikatzen dira mapetan. Oro har, iparraldea nabarmenduta agertzen da, gezi batez. Normalean, maparen goiko aldea iparraldea izaten da eta, hortaz, hegoaldea behean egoten da, eskuinean ekialdea eta ezkerrean mendebaldea.

Lau puntu kardinalez gain, tarteko puntuak ere adieraz daitezke, goiko irudian ikusten den bezala.

Zertarako behar dira puntu kardinalak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiri batean, kaleei izenak ipintzen dizkiegu gure norabideak identifikatzeko; kaleen izenez gain, leku batetik bestera joateko, bidea aurkitzen laguntzen diguten erreferentzia-puntu batzuk erabiltzen ditugu: eraikinen bat edo parkeren bat, adibidez. Baina hori ezinezkoa da mendian gaudenean, edota itsasoan eta naturako beste leku askotan. Horretarako, gizakiak puntu kardinalak asmatu ditu, hain zuzen ere.

Horrela, adibidez, Gasteiztik Iruñera joan nahi badugu, esan dezakegu ekialderantz joan behar dugula; edo Donostiatik Gasteiza joateko, berriz, hegoalderantz joan behar dugula.

Aspaldiko garaietan, arrantzaleek adibidez izarrak erabiltzen zituzten, norabideak aurkitzeko; bazekiten iparrizarra beti zeruko puntu berean egoten dela, geldirik, beste izarrak ez bezala. Horrela, bazekiten iparraldea non zegoen, eta, behin hori jakinda, beste hiru norabideak aurkitzea oso erraza zen.

Zer da iparrorratza?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aspaldiko Txinan, norabideak erraz ezagutzeko tresna asmatu zuten: iparrorratza. Gezi bat du beti iparraldea seinalatzen duena, Lurraren magnetismoaz baliaturik; izan ere, Lurrak iman erraldoi baten antzera funtzionatzen du. Horri esker, gauden lekuan gaudela ere, oso erraza da orientatzea eta nahi dugun norabidea aurkitzea.