Euskal Herriko biomak

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan

Euskal Herriko biomak antzeko ezaugarri ekologikoak eta klimatikoak dauzkaten euskal lurraldeko eremu geografikoak dira.

Bioma horiek bertoko baldintza klimatiko eta ekologikoen aniztasunaren ondorio dira. Gaur egun, Lur planetan ia ez dago erabat “naturala” den ingurunerik, ezta Euskal Herrian ere, gizakiak ia ingurune guztiak aldatu dituelako nolabait. Aldaketa horiek handiagoak izan dira leku batzuetan besteetan baino, baina gizakiok oso eragin handia dugu biometan.

Euskal Herria txikia den arren (20.894 km2 baino ez ditu), bioma ugari aurki ditzakegu, orografiaren, klima desberdinen eta gizakiaren eraginaren ondorioz. Oro har, biomak klimaren arabera banatzen direla esan dezakegu.

Hostozabalen baso misto epela[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hostozabalen baso misto epela, Oiz mendi inguruan.

Hostozabalen baso misto epela izenez ezagutzen dena Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako (Aiara, Zuia-Gorbeialdea) eta Nafarroako ipar-mendebaldean eta iparraldean aurki dezakegu.

Bioma honetan, klima ozeanikoa dugu: euri ugari egiten du urte osoan (500-1500 mm), Atlantikotik datorren haize hezearen eraginez eta tenperatura epelak daude, negu hotz samarrekin. Ingurune hauetako batez besteko tenperatura 10º eta 20º artekoa izaten da.

Lurralde menditsua da, mendi handirik gabea. Ibaiak kostaldetik hurbil daude eta ibilbide laburrekoak dira, arro txikikoak, emaritsuak eta higatzeko ahalmen handikoak.

Itsas bazterra koskatsua da eta hainbat itsasadar ditu: Bilbo, Urdaibai, Zumaia, Pasaia...

Hariztiek eta pagadiek osatzen dituzte baso nagusienak; gainera, gaztainondoak, urkiak, akaziak, sahatsak ere topa daitezke. Baina gizakiaren eraginez, jatorrizko basoak desagertu egin dira; horien ordez, industriarako gaiak ateratzeko zuhaitzak (pinuak, eukaliptoak) landatu dira leku askotan.

Nekazaritarako eta abeltzaintzarako belardiak, landak, baratzeak eta laboreak (artoa) ere aurkitzen dira bioma honetan.

Ingurune hau oso populatua dago, bereziki industrializazioaren ondorioz. Orduan, paisaia naturala ia erabat desagertu da.

Tarteko bioma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tarteko bioma, Trebiñuko mendebaldean.

Euskal Herriko ur-mugatik hegoaldean dago, Arabako Añanatik Nafarroako Zangoza ingurura arte; Arabako lautada, Nafarroako sakana eta Iruñeko arroa okupatzen ditu.

Klima mediterraneo eta kontinental artekoa du; ez du euri gehiegi egiten, baina ez da oso bioma lehorra.

Ibai guztiak (Uda, Zadorra, Ega, Arga, Irati...) Ebron amaitzen dira eta emari handikoak dira, ura mendilerro nagusietatik jasotzen baitute.

Erliebe aldetik, lurralde laua da gehienbat; oso lur emankorra da nekazaritzarako. Horregatik, inguru hauetan, nekazaritzak garrantzi handia du: laboreak, garia, zekaleak, garagarra eta patata lantzen dira batez ere.

Bioma mediterraneoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bioma mediterraneoa, Arabako Labraza ondoan.

Bioma mediterraneoa Ebro ibaiaren inguruan kokaturik dago, Arabako Errioxan eta Nafarroako Erriberan bereziki.

Klima mediterraneo gogorra du; euri gutxi egiten du, eta zenbat eta ekialderago, orduan eta lehorragoa da klima. Bardeetan basamortu itxurako paisaia agertzen zaigu.

Lautada handiak daude eta muino eta mendixka higatuak daude.

Ebroko ura baliatuz, ureztatze-lan garrantzitsuak egin dira nekazaritzarako. Nekazaritzak garrantzi berezia du alde honetan ere. Aipatzekoak dira, adibidez, Errioxako mahastiak edo Erriberako barazkiak (piperrak, zainzuriak...).

Mediterranear basoaren hainbat aztarna gelditzen dira euskal kostaldean ere, aspaldiko landaretzaren hondar bezala. Kostaldeko artadi zein artelatz basoak dira.

Mendiko bioma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendiko bioma, Luzaide ondoan, Nafarroan.

Pirinioetan aurkitzen da bereziki, baina baita beste zenbait mendi handitako gailurretan ere.

Altueraren eta klimaren arabera, basoak eta belardiak tartekatzen dira.

Gizakiak basoak ustiatzen ditu zura, egurra eta egur-ikatza lortzeko eta, udan, artaldeak bazkatzeko, baina ez dago giza-biztanleria iraunkorrik, mendiko klima baitute inguru hauek.