Ipar Amerika

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Ipar Amerikako mapa

Ipar Amerika Kanadak, Estatu Batuek, Alaskak eta Mexikok osatzen duten azpikontinente bat da. 24 709 000 km²-ko zabalera du eta 565 milioi biztanle ditu (2013ko datuen arabera). Punturik altuena McKinley mendia da, 6 236 m-ko altuera daukana.

Iparraldean Ozeano Artikoarekin du muga; ekialdean, Ozeano Atlantikoarekin; hego-ekialdean, Karibe itsasoarekin; eta hegoalde eta mendebaldean, Ozeano Barearekin. Ipar eta Hego Amerika Erdialdeko Amerikak lotzen ditu. Azken hori lur-zubi oso estua da.

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oro har, Ozeano Barean itsasoratzen diren ibaiak motzak, azkarrak eta higadura-indar handikoak dira. Ozeano Atlantikoan itsasoratzen diren ibaiak, aldiz, luzeak, emaritsuak eta nabigagarriak dira, eta arro hidrologiko oso zabalak dituzte. Haien artean munduko ibairik luzeenetakoak daude, hala nola Mississippi eta haren ibaiadarretako bat, Missouri, Amazonas ibaiaren antzeko luzera dutenak. Aipagarria den hurrengo ibaia San Laurendi da, 1 600 000 km²-ko arroa duena.

Beste ibai garrantzitsu batzuk hurrengo hauek dira: Mackenzie eta Copper; Rio Grande eta Rio Negro, Ozeano Atlantikora joaten direnak; eta, azkenik, Yukon, Fraser, Columbia, Sacramento, San Joaquin eta Colorado ibaiak, Ozeano Barean isurtzen direnak.

Horretaz aparte, Artikoan isurtzen diren ibaiak ere nabarmengarriak dira, neguan izozten baitira.

Munduko laku handienen lurralderik handienetako bat Amerikan dago. Lakuek jatorri glaziarra dute eta, batez ere, Kanadan daude. Asko dira Kanadako lakuak.

Landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izeien landaredia Alaskan

Iparraldean, landaredia likenek, goroldioek eta belar baxuek osatzen dute. Kanadan eta Estatu Batuetako mendebaldean koniferoz betetako eremu zabalak nabarmentzen dira, batez ere sekuoiak, pinuak eta izeiak.

Ia lurraldearen erdia ordoki handiek osatzen dute. Mexikoko kostaldeko lautadek Patagoniako estepen antza dute, eta Mississippiko sabanak Brasil, Paraguai eta Argentinako panpen antzekoak dira. Gauza bera gertatzen da Appalache mendiekin eta Brasilgo mendikateekin.

Klimak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kokagune geografikoa dela eta, Ipar Polotik ia ekuatorera, azpikontinentean zenbait zona klimatiko daude (Mexikoko hegoaldeko gune baxuetako oihan eta sabanetatik hasi eta Groenlandiako izotz-eremuetaraino). Iparraldean, Kanadan eta Alaskan, tundrak eta taigak dira ohiko paisaiak. Kontinentearen barnealdean, berriz, basamortuak eta inguru elkorrak gailentzen dira. Hala ere, kontinentearen eremu zabal batzuek klima epela dute bizitzeko eta nekazaritzarako.