Sumendi

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Sistema bolkanikoaren osagaiak.

Sumendiak mendi-itxurako egiturak dira, tontorrean zulo bat dutenak. Tontorreko zulo horri krater edo sumendiaren ahoa ere deitzen zaio.
Sumendiek, barruan, magma izaten dute (harriak, urtuta), eta, sumendia pizten denean (erupzioan sartzen denean), laba bero-beroa irteten da kraterretik, baita gasak eta errautsa ere.
Fenomeno hauen multzoari eta, oro har, sumendien jarduerari, "bolkanismoa" deitzen zaio.
Sumendiak piztuta daudenean, aktibo daudela esaten da; itzalita daudenean, berriz, inaktibo edo lo daudela esaten da. Azkenik, badira sumendi batzuk iraungita daudenak, hau da, antzinatik inolako aktibitaterik izan ez dutenak eta etorkizunean ere izango ez dutenak.
Sumendiek, oro har, urteak eta urteak ematen dituzte itzalita. Bat-batean piztu ohi dira, eta ez dago jakiterik zenbat denbora emango duten piztuta: ordu batzuetako kontua izaten da batzuetan; urteetakoa, besteetan.
Milaka sumendi daude munduan. Europan, oso ezagunak dira Vesuvio eta Etna sumendiak. Biak Italian daude, lehena lo eta bigarrena tarteka aktibo.

Nolakoak izan daitezke sumendien erupzioak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko sumendien erupzioak ez dira berdinak izaten; eta horren arabera bereizten dira sumendi motak ere. Desberdintasun horiek eragiten dituzten arrazoiak asko dira: magmarekin batera gasik badagoen ala ez; sumendiak nolako forma duen; laba lodiagoa edo likidoagoa den; magmaren tenperatura, etab.

Oro har, hiru bolkanismo edo erupzio mota bereizten dira:

  • Erupzio efusiboak: Dentsitate gutxiko laba isurtzen du, 1200°C inguruko tenperaturarekin. Gas gehiegirik ez da pilatzen. Horri esker, laba leherketarik gabe atera daiteke, edo indar gutxiz eta pixkanaka.
  • Erupzio leherkorrak: Erupzio oso indartsuak izaten dira, leherketak bezalakoak. Laba lodia eta tenperatura gutxiagokoa (500°C ingurukoa) izanda, solidifikatu eta irtenbidea trabatzen delako gertatzen dira. Gasak pilatu egiten dira. Eta leherketak gertatzen direnean, material solido (piroklasto) ugari jaurtitzen ditu, batzuetan oso urrutira.
  • Itsaspeko erupzioak: Lehorreko sumendien aldean, oso modu desberdinean gertatzen dira. Itsaspeko sumendietatik ateratzen den laba oso azkar hozten eta solidifikatzen da. Laba hori itsasoaren azaleraino iristen bada, uharteak sortzen dira; izan ere, uharte askok sumendiek sortutakoak dira, Kanaria uharteak, adibidez. Zientzialarien arabera, itsaspean 20.000 sumendi inguru daude.

Sumendiek kalteak bakarrik eragiten dituzte?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egia da sumendiek hainbat kalte eragin ditzaketela; batez ere gizakiak haietatik hurbil herri edo hiri bat eraiki badu. Baina sumendiek badute eragin onik ere. Ikus ditzagun pixkat bat batzuk eta besteak:

Sumendien eragin onuragarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Lurzoru emankorrak: sumendietatik ateratako errautsek mantenugai edo nutriente ugari dituzte, eta haiei esker, inguruko lurrak oso emankorrak izaten dira. Oso ondo dakite hori Italiako Napoli hiriaren inguruan: hango Vesubio sumendiaren inguruko lurrak oso emankorrak dira fruitu-arbola eta mahastientzat.
  • Lur berria: lur berria sortzen dute itsasoaren ondoan dauden sumendiek. Uharte asko sumendiek sortutakoak dira. Gainera, munduko hainbat lekutan, lur zati berriak eransten zaizkie lehenagoko uharteei sumendietatik ateratako labaren bidez. Hawaiin, Kanarietan eta beste leku askotan gertatu izan da hori.
  • Eraikuntzarako materialak: sumendietatik ateratako mineral eta harri mota asko erabiltzen dira eraikuntzan.
  • Turismoa: sumendi batzuek turista eta mendizale asko erakartzen dituzte. Italiako Vesubio edo Etna sumendiak dira horren adibide.

Sumendien eragin kaltegarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Hildakoak: sumendien erupzioetan jende asko hil da historian zehar, bai eta oraindik gaur egun ere; baina gehienetan gizakion erruz. Erupzioak eragindako gasengatik, lurrikarengatik edo tsunamiengatik gertatzen dira hildakoak eta zaurituak.
  • Suntsipena: erupzioen eraginez, askotan lurrikarak edo tsunamiak gertatzen dira, eta horrelakoetan eraiki asko kaltetzen dira. Aspaldiko garaietan, I. mendearen bukaeran, Vesubio sumendiak Herkulano eta Ponpeiako biztanle asko hiltzeaz gainera, bi hiri haiek lurpean utzi zituen erabat estalita.
  • Ingurumen kalteak: sumendien inguruetako izaki bizidun guztiek jasaten dituzte kalteak sumendien eraginez; baina baita urrutiko lekuetan ere. Izan ere, sumendiek atmosferara jaurtitako ke eta gasen ondorioz, urrutirako iristen den euri azidoa gerta daiteke; eta, batzuetan, atmosferara jaurtitako kutsaduraren ondorioz, eguzki-izpiak ez dira ondo iristen lurraren azalera, eta aldaketak gerta daitezke leku askotako kliman, tenperaturak jaisten direlako.