Espainiako erliebea

Vikidiatik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Espainiako erliebea.

Espainiako erliebea azaltzerakoan, lehendabizi, esan beharra dago Espainiako lurraldeak honako hauek dituela bere barruan: Iberiar penintsularen zati handi bat, Balear uharteak, Kanaria uharteak, eta Ceuta eta Melilla Afrikako iparraldean. Espainia Europa osoko herrialderik menditsuenetako bat da. Bost mendikate handi ditu:

Espainiako mendirik garaiena Teide da (3.718 m); antzinako sumendi bat da, itzalita dagoena, Tenerife uhartean, Kanarietan. Penintsulako mendirik altuena, berriz, Mulhacén izenekoa da (3.478 m), Granadan. Espainiako erliebea era askotakoa da, dibertsitate handikoa; honako hauek bereizten ditugu:

Iberiar goi-lautada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Penintsularen erdialdean dagoen goi-lautada da. Espainiako lurraldearen zati handi bat hartzen du: Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa eta Extremadura autonomia erkidegoak okupatzen ditu.

Batez beste, 600 metroko altuera du, baina iparraldeko zatia altuagoa da hegoaldekoa baino; horregatik, bi zati bereizi ohi dira: iparraldeko Iberiar goi-lautada eta Hegoaldeko Iberiar goi-lautada. Mendebalderantz makurtuta dago eta, horregatik, lautada edo ordokia zeharkatzen duten ibaiak ozeano Atlantikoan itsasoratzen dira. Iparraldeko goi-lautada Duero ibaiak zeharkatzen du; eta Hegoaldeko goi-lautada, berriz, Tajo eta Guadiana ibaiek zeharkatzen dute.

Hiru mendigune-sistemak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goi-lautadaren barrualdeko mendiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goi-lautadaren barruan bi mendigune daude:

  • Erdialdeko Sistema: Iberiar Goi-lautadaren erdian dago, eta berau bi zatitan erdibitzen du. Lau mendilerroz osatuta dago: Somosierra, Guadarrama, Gredos eta Gata. Mendigune honetako mendirik altuena Almanzor haitza da (2.592 m), Ávila probintzian.
  • Toledoko Mendiak: Iberiar Goi-lautadaren hegoaldeko zatian dauden mendilerro batzuk dira, altuera gutxikoak. Tajo eta Guadiana ibaien arroak banatzen dituzte. Ekialdetik mendebaldera, 350 km inguruko luzera dute. Mendirik garaiena Las Valluercas haitza da (1.603 m), Cáceres probintzian.

Goi-lautada inguratzen duten mendiguneak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honako hauek dira:

  • Leóngo Mendiak: goi-lautadatik ipar-mendebaldera daude. Altuera gutxikoak dira; handiena Teleno izenekoa da (2.188 m), León probintzian.
  • Kantauriar Mendikatea: goi-lautadatik iparraldera dago, Kantauri itsasoko kostaldearekin paraleloan. Galizia eta León arteko mugatik Euskal Herriaren mendebalderaino zabaltzen da, eta 480 km luze da. Mendi garaiak eta malkartsuak ditu, haien artean Europako mendiak (Picos de Europa); garaiena Torre Cerredo (2.650 m) izenekoa da, Asturias eta León artean.
  • Iberiar Sistema edo Iberiar Mendikatea: goi-lautadatik ekialdera dago eta Ebroko Haranetik banatzen du. Moncayo mendia da gailurrik altuena (2.314 m), Zaragoza eta Soria arteko mugan.
  • Sierra Morena: Iberiar Goi-lautadatik hegoaldera dago. Goi-lautada banatzen du Guadalquivir ibaiaren haranetik. Altuera gutxiko mendilerro batzuk ditu; mendirik garaiena La Bañuela (1.333) izenekoa da, Ciudad Real probintzian.

Goi-lautadatik kanpoko mendiguneak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honako hauek dira:

  • Galizia-Leóngo Mendigunea: Penintsulako ipar-mendebaldean. Altuera gutxiko eta tontor biribileko mendiak dira. Haietako garaiena Trevinca haitza da (2.127 m), Ourense eta Zamora artean.
  • Euskal Mendiak: Penintsulako iparraldearen erdian, Kantauriar mendikatearen eta Pirinioen artean. Altuera gutxikoak eta tontor zorrotzekoak dira; Aizkorri da garaiena (1.528 m), Gipuzkoan.
  • Pirinioak: Penintsulako iparraldean, Frantzia eta Espainiaren arteko mugan. Altuera handiko mendilerroz osatuta daude. Aneto mendia da garaiena (3.404 m), Huesca probintzian.
  • Kataluniako kostaldeko mendilerroak: Mediterraneoko kostaldearekin paralelo dauden mendilerro batzuk dira; Ebroko sakonunea ixten dute ekialdetik. Gailurrik handienak Montserrat eta Montseny mendilerroetan daude: Turó de l´Home mendia da altuena (1.712 m), Bartzelonan.
  • Mendikate Betikoak: bi mendikate paralelo dira, Penintsulako hegoaldean daudenak.
    • Mendikate Penibetikoa: Andaluziako kostaldearekin paraleloa. Mulhacén mendia da gailurrik altuena (3.478 m), Granadako Sierra Nevadan, Penintsula osoko mendirik garaiena.
    • Mendikate Subbetikoa: Barrualderago dago, Mendikate Penibetikotik iparraldera. Hainbat mendilerroz osatuta dago: Grazalema, Cazorla, Segura eta Alfaguara, besteak beste. Mendirik garaiena La Sagra da (2.382 m).

Iberiar Goi-lautadatik kanpoko sakonuneak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakonuneak lurrazalean inguruko lurra baino beherago dauden eremu geografikoak dira; lauak izaten dira, ibaiek zeharkatuak eta mendiz inguratuak. Espainian, bi sakonune handi daude, biak Iberiar Goi-lautadatik kanpoko aldean:

  • Ebroko Sakonunea: Ebroko Harana ere deitzen zaio. Ipar-ekialdean dago, Pirinioen, Iberiar Sistemaren eta Kataluniako kostaldeko mendilerroen artean. Ebro ibaiak zeharkatzen duen haran luze eta zabal bat da, triangelu itxura duena eta Ebro ibaiak zeharkatzen duena.
  • Guadalquivirreko Sakonunea: Espainiako hego-mendebaldean dago, Sierra Morena eta Mendikate Betikoen artean. Triangelu itxura du eta Guadalquivir ibaiak zeharkatzen du.

Uharteen erliebea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainian bi uhartedi edo artxipelago handi daude:

  • Balear uharteak: Haien erliebea ez da oso menditsua. Aipatzekoa da Tramuntana mendilerroa, Mallorca uharteko iparraldean; Puig Major mendia (1.445 m) da mendilerro horretako eta uhartedi honetako mendirik garaiena.
  • Kanaria uharteak: Erliebe nahiko menditsua dute, jatorri bolkanikoa duena; hau da, sumendien eraginez sortutakoa da. Tenerife uhartean dago uharte hauetako mendirik garaiena, Teide mendia; Espainiako mendirik garaiena ere bada.