Vikidiatik

Biziaren jatorria

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Itsaspeko iturri hidrotermal bat, biziaren ustezko sorlekua

Lurreko biziaren jatorria zientziak oraindik erabat argitu ez duen auzia da, oso zaila delako bizia nola sortu zen erakusten duten frogak aurkitzea.

Gai hau ikertzen duten zientzialarien ustez, duela milioika urte (4.000 milioi, beharbada), antzinako Lur planeta gaztean zeuden konposatu organiko sinple batzuk elkartu eta konposatu konplexuagoak sortu zituzten; konposatu konplexuago horiek hazteko eta ugaltzeko gai ziren. Horrela sortu omen ziren Lurreko lehen organismoak, geroztik gure planetan bizi izan diren milaka eta milaka espezieen jatorrian daudenak.

Lurraren lehen garai haietan, gure planetan ez zegoen biziarentzat egokia zen ingurunerik. Jarduera bolkaniko indartsua zegoen nonahi, eta atmosferaren osaera ere ez zen batere egokia biziarentzat. Hortaz, baldintza zail haietan, non sortu ote zen bizia?

Biziaren jatorria bilatzen hasi baino lehen, ordea, ondo ulertu beharra dago zein diren bizia egon ahal izateko ezinbestekoak diren baldintzak.

Konposatu eta osagai batzuk behar-beharrezkoak dira bizia egon ahal izateko: hidrogenoa, metanoa, nitrogenoa, karbono-dioxidoa, fosfatoak eta amoniakoa. Osagai horiek elkartu ahal izateko eta erreakzioren bat eragin ahal izateko, disolbagarri bat behar dute, ura, adibidez.

Beste alde batetik, edozein bizi-forma hazi eta ugaldu ahal izateko, energia-iturri bat behar izaten du. Organismo bizien artean, badira batzuk, autotrofo deitzen ditugunak (landareak, adibidez), beren energia sortzeko gai direnak, eta beste batzuk, heterotrofoak (animaliak, esate baterako) beste organismo batzuk kontsumitzen dituztenak energia inguratu ahal izateko.

Hori dela eta, biziaren lehendabiziko formak ez zeukan bestelako organismorik kontsumitzeko; beraz, autotrofoa izan behar zuen nahitaez; hau da, eguzkiaren edo elementu elektrokimikoen laguntzaz energia sortzeko gai izan behar zuen.

Non sortu zen bizia?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsaspeko iturri hidrotermalen mapa

Lurreko zein lekutan zeuden baldintza egokiak bizia garatu ahal izateko? Lehorreko inguruetan eta ozeanoaren gainazaletik hurbileko tokietan, eguzki-argia inguratzea erraza da gaur egun; baina bizia sortu zen garai urrun hartan, lurrazalera iristen zen erradiazioa gehiegizkoa izango zen izaki bizidunek bizirik jarraitzeko. Itsasoaren sakonean, ordea, erradiazio hori ez zen iritsiko eta iturri hidrotermalak energia-iturri egoki bat izango ziren bizi-formak garatu eta bizirik irauteko.

Iturri hidrotermalak itsasoaren hondoko pitzadura batzuk dira, itsasoko ura magmarekin kontaktuan jartzen dutenak. Ur hori asko berotzen denean, gorantz ateratzen dira berriro pitzaduratik kanpora, tenperatura handian eta mineral eta konposatu kimiko sinple batzuekin nahastuta. Iturri hidrotermal hauetako batzuetatik ateratzen den ura beroegi ateratzen da eta horietan ezinezkoa izaten da bizia garatzea; fumarola beltzak deitzen diete zientzialariek. Beste iturri hidrotermal batzuetan, aldiz, biziarentzat egokiagoa den tenperatura dute eta metanoan aberatsak dira; fumarola zuriak deitzen zaie.

Teoria baten arabera, ozeano Atlantikoaren erdian badago honelako fumarola zuri ugari zeuden eremu bat, lehen bizi-formen sorlekua izan litekeena. Zientzialariek “Hiri galdua” deitzen diote eta, haien ustez, bertan agertuko zen izaki bizidun guztien “azken arbaso komun unibertsala” (ingelesezko siglekin LUCA deitutakoa). Hiri galduaren inguruko fumarola beltzek ere beren egitekoa beteko zuten lehen bizi-formak agertzeko: beharrezkoa den karbono-dioxidoa inguratuko zioten, bai eta organismo bizientzat beharrekoak diren beste osagai eta konposatu kimiko batzuk ere.