Igel

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Igel mota desberdinak

Igela animalia anfibio bat da, ornodunen taldekoa; horrek esan nahi du bizkarrezurra duela, bere gorputzari eutsi ahal izateko.

Bere bizi zikloan, hainbat aldaketa izaten ditu: jaiotzean, uretan egiten dute bizitza arrainen moduan, baina metamorfosia egiten dutenean, lehorrean bizitzera pasatzen dira. Hala ere, ura behar dutenean, uretara joaten dira. Igelak odol hotzeko animaliak dira; honek esan nahi du haien gorputzaren tenperatura airearen eta uraren tenperaturaren berdina dela. Hotza dutenean, eguzkitan jartzen dira berotzeko; eta bero handia dutenean, berriz, uretara sartzen dira. Ur hotzetan aurki daitezke; adibidez putzu, laku eta pantanoetan, ura ez delako asko mugitzen. Igelak ezin dira itsasoan edo ur gazian bizi.

Nolakoak dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Igelaren hankak

Igelek kolore ugari izan ditzakete. Normalean berdeak dira, baina marroiak, horiak edo beltzak ere izan daitezke. Horrez gain, begi eta aho oso handiak dituzte.

Atzeko hanka oso indartsuak dituzte. Gainera, atzeko behatzak esku-zabal itxurakoak dituzte, igeri egiten eta jauzi egiten laguntzeko. Igel mota bakoitzak bere itxura du.

Igelek oso ondo ikusten dute; begiak buruko aldeetatik irteten zaizkie. Honela, norabide guztiak ikus ditzakete. Gainera, entzumena oso garatuta dute. Igelen tinpanoaren tamainaren arabera, erraz bereiz daiteke arrak edo emeak diren: tinpanoa begia baino txikiagoa baldin bada, igela emea da. Arraren tinpanoaren eta begiaren tamaina berdinak dira.

Nola ugaltzen dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugaltzeko orduan, nahiago izaten dituzte putzu edo laku txikiak; bertan, arrautzetatik aterako diren zapaburu txikiak biziko dira. Ur lasaia behar izaten dute ugaldu ahal izateko.

Igelen erreproduzitzeko modua: normalean kanpo-ernalketa erabiltzen dute eta hau uretan gertatzen da. Igel arrek soinu bat egiten du bere espezie bereko emeak erakartzeko.

Nolakoa da igelen bizi-zikloa?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Igelaren metamorfosia

Igelak uretan jaiotzen dira, amek jarritako arrautzetatik; hasierako fasean, zapaburuak dira. Igel emeak milaka arrautza erruten dituzte batera. Zapaburuak zakatzekin jaiotzen dira, arrainak bezala; hortaz, ur azpian arnas egin dezakete. Buru handia eta isats luzea dute. Oraindik ez dirudite igelak. Zapaburuek bizitza zaila dute; oso azkar igeri egiten dute eta horrela, beste izakietatik ihes egiten dute. Arrainen eta kakalardoen janari gogokoenak dira.

Bigarren fasean, zapaburuei atzeko hankak hazten zaizkie, eta geroago, aurrekoak. Hankei esker, harrapakariengandik jauzika ihes egiten dute. Ahoa, bizitzako 6 aste eta gero hasten zaie zabaltzen. Ondoren, begiak handitzen zaizkie eta isatsa laburtzen, desagertu arte. birikak guztiz garatzen zaizkienean, igelak lehorrean bizitzera pasatzen dira. Honela amaitzen dute haien metamorfosia. Prozesu hori amaitzean, zapaburua izandakoa igel bat da.

Zein dira haren etsaiak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sugea igela jaten.

Igelek harrapari asko dituzte; adibidez, hegaztiak, arrainak eta narrastiak. Basoko igel askok itsaskorrak diren iletxoak dituzte behatzetan; zuhaitzetara igotzen laguntzen diete, beraien harrapakarietatik ihes egiteko. Igel horiek zuhaitzetan bizi dira, segurtasuna dela-eta.

Beste igel batzuk oso onak dira kamuflatzen eta ingurunearekin nahasten; horrela, haien etsaiek nekezago aurkitzen dituzte. Igel asko azaleko kolorea aldatzeko gai dira ingurunearen arabera.

Zer jaten dute?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Igelek intsektuak eta ornogabeak jaten dituzte bereziki, beti ere, euren tamainaren araberako zomorroak. Zapaburuek denetik jaten dute, algetatik hasita intsektuetara.